Bitarte deritzo “espazio ezin helduzkoari, ezin ukituzkoari, materiagabeari; ez dagokiona ez barrualdeari ez kanpoaldeari”. Bi lekuren artean dagoen espazioaren kontzeptua da, eta Japonian Engawa deritzo. Kopenhageko arkitektura unibertsitatean, hantxe ikasi eta aplikatu nuen espazioaren kontzeptua, The Royal Danish School of Architecture-n, Daniel Serafimovski-k eta Pierre d’Avoine-k zuzendutako proiektu akademiko batean.
Hutsune horrek, espazioa artikulatzen duenak –Jorge Oteizak zioenez, eta argi-itzalen inguruan Junichiro Tanizaki-k egindako hausnarketen arabera– sortzen du leku anbiguo eta premiazko hori, engawa deritzona eta gure estudioari izena eman diona. Bitartea edo engawa berezko izaera duen espazio bat da, ezin helduzkoa, tartean kokatua, artikulatu eta antolatu egiten duena.
Tadao Andok ezaugarri duen sosegua –eta Alberto Campo Baezak hizpide duena–, horixe da Bitarteren filosofia bera. Erdibideko espazio hori,
pausagunekoa, hutsartekoa, hori da gure estudioa elikatzen duen patxada-iturria, eta hortik abiatzen da Bitarteren bultzada sortzailea.
“Iraganeko arkitekturarekiko elkarrizketa interesatzen zait, baina iragana neure ikusmolde eta esperientziatik iragazita”
fundacion.arquia.es
Tadao Ando (Osaka, 1941) arkitekto japoniarrak, nazioarteko beste zenbait sariz gainera 1995ean Pritzker saria irabazi zuenak, gaztaroan boxeo eskularruak alde batera utzi zituen arkitekto izateko; baina, horretarako, ez zen inongo arkitektura-eskolara joan. Irakurketaz eta Afrika, Europa eta Estatu Batuetara egindako bidaiaz jositako ikasbide autodidakta, mugimendu modernoaren eragin handia eta arkitektura japoniar tradizionala zehatz mehatz aztertzea, horiek izan ditu bere obran modernitatea eta tradizioa uztartzeko saiakeraren bermeak. “Iraganeko arkitekturarekiko elkarrizketa interesatzen zait, baina iragana neure ikusmolde eta esperientziatik iragazita”. fundacion.arquia.es